halabedi

NOR GARA HISTORIA BAT UHINETAN

Nondik gatozen…

 29 urte pasatu dira, mende laurdena baino gehiago Hala Bedi irratiak uhinak okupatzeari ekin zion abuztuko egun hartatik. 1983an jaio zen Hala Bedi irratia, helburu argi batekin, ahotsik ez zutenei ahotsa ematea, komunikatzeko modu ezberdin baten alde lan egitea. Asko aldatu da dena denbora honetan zehar. Asko aldatu da egoera soziala, jendartea, bizimodua oro har. Eta handia da gaur egungo Hala Bedi irratiaren eta hasiera hartakoaren arteko aldea. Hala ere, badira komunean eta bere horretan mantentzen diren beste ezaugarri asko eta asko.

 Irrati bat baino zeozer gehiago garela esaten dugu, gainontzeko irratiengandik bereizten gaituzten ezaugarriak ditugulako oinarri. Autogestioak, asanblada bidezko funtzionamenduak, komunikazio hurbil eta parte hartzaileak, inongo interes ekonomiko zein politikoren menpe ez egoteak eta urte hauetan guztietan herri mugimenduaren tresna izateak egiten gaitu libre, besteengandik desberdin. Horregatik definitzen dugu geure burua, hain zuzen ere, irrati libre bezala.

 Hala Bedi herri mugimenduaren ekimenez sortu baitzen 1983ko abuztuan. Jai giroan murgildurik zegoen hiriburu artifizial honetan bertan. Zegoenarekin konforme ez eta zerbait aldatu nahi zuten haiek denek eman zioten hasiera letra txikiz idatzitako historia handi honi. Hertzainak, Potato eta La polla records bezalako taldeek kaleak aztoratzen zituzten garaiak ziren. Mugimendu autonomoa, punkiak eta bestelakoak biltzen ziren orduko Gasteizko kaleetan. Eltze hartan hasi ziren prestatzen oraindik orain bizirik dirauten mugimendu asko. Hala Bedi irratia horietako bat baino ez da. Gasteizko Gaztetxearekin batera, hiri honetan errealitate ukaezin bihurtu den proiektu herritar eta autogestionatua. Belaunaldiz belaunaldi eta sasi guztien gainetik bizirik mantendu direnak biak ala biak. Gauzak beste modu batera egitea posible dela frogatzen saiatu direnak ibilitako bidean zehar. Batzuetan gehiago asmatuz eta beste batzuetan gutxiago. Eta garrantzitsuagoa dena, gure ezintasun eta hanka sartzeetatik ikasiz beti.

 Lan bolondresari esker handituz eta haziz joan da Hala Bedi, gainontzeko komunikabideen artean bere lekua egitea lortu arte. Esaten genuen lehen ere, asko aldatu da mundua ordutik eta bidean dena ez da erraza izan. Oztopo askori egin behar izan zaio aurre, behin baino gehiagotan saiatu dira mikrofono hauek isilarazten. Baina ez dute lortu. 80.hamarkadaren bukaera eta 90.aren hasiera zailak izan ziren benetan. Lau bat aldiz bidali zuten polizia estudio txiki eta umilak prezintatzera. Uhinetan jarraitzea bera ere nahikoa zen orduan.

 Urte batzuk beranduago, eta gogoeta sakon baten ondorioz, nahi zuenak nahi zuena esateko irrati bat izatetik proiektu komunikatibo sendo eta heldu bat izatera ailegatu zen Hala Bedi irratia. Hiriko kolektibo ezberdinen parte hartzea sustatzea eta teknologia berrien aldeko apustua behar-beharrezkoak izan ziren horretarako. Programazio finko bat lortzea, komunikatzeko eta lan egiteko modu bat definitzea lortu zen ekaitz osteko urte haietan. Helburu zehatzak jarri ziren abian eta horretarako bitartekoak bilatu. Eta horrela, apurka-apurka eta gure mugak onartuz, ailegatu gara gaur egun gauden lekura.

 Hala Bediren izaera zehazten…

 Autogestioa aipatzen genuen lehen eta autogestioarekin batera, ezin ahaztu gure bazkideak, Halabelarriak. Irratiaren oinarri ekonomikoa izateaz gain, aurrera egiteko zilegitasun soziala ematen diguten pertsona horiek denak. Beraien babesik gabe ez gara ezer. Publizitaterik eta diru laguntzarik gabe funtzionatu du irratiak hasieratik. Eta hori, proiektua handituz joan den heinean, gainditu beharreko langa izan da. Irudimena eta iñurri lana beharrezkoa bihurtu dira gaur egun ditugun bazkide horiek denak lortzeko. Aurrera emandako pauso bakoitza baino lehen, pauso hori emateko behar genuen dirua nola lortu pentsatzera eraman gaitu beti. Horrela, duela 6 urte inguru, Kutxi kaleko estudio eta erredakzio zaharrak utzi eta gure beharrei modu egokiagoan erantzuten zien lokal handiago batzuetara aldatu ginen. Gaur egun, Bueno Montreal kalean gaude eta gure ateak zabalik daude nahi duenarentzat.

 Asanblada bidez jarraitzen dugu hartzen, hartu beharreko erabaki guztiak eta 100 pertsona inguru dira astero gure estudioetatik irratsaioren bat egitera pasatzen direnak. Bertan ekoitziriko 36 irratsaio ditugu egun eta Euskal Herriko beste irrati batzuetatik Arrosa sareari esker hartutako euskarazko bestelako irratsaioekin osatzen da gure programazioa. Arrosa sarearen sorreran Hala Bedik egindako lana ere aipatzekoa da. Sare honi esker eta teknologia berrien erabilera baliatuz, Euskal Herriko bazter ezberdinetan egiten diren euskarazko irratsaioak elkar trukatzeko bidea egin baitugu. Horrela, Gasteizen egindako irratsaio bat Algortan entzun daiteke eta Irulegin egindako beste bat Bergaran, adibiderako.

 Irratsaioen artean denetarik aurki dezakegu, baina gure emisioaren bizkar-hezur ditugunen artean Suelta la olla (goizetako erdarazko magazina) eta Zebrabidea (arratsaldetako euskarazko magazina) dira aipagarrienak. Hauetaz gain, asko eta anitzak dira kolektiboek egindako irratsaioak zein musikaren inguruan aritzen direnak. Kalitatean ere jauzi handia eman da urte hauetan zehar eta bestelako irratiekin konparatuz, gustu guztietarako eta kolore anitzeko programazioa osatzea lortu dugula esan dezakegu, inongo konplexurik gabe.

 Euskarari dagokionez ere, aurrerapausoa nabarmena izan da azken urteotan. Egun, %40 da Hala Bedik euskaraz emititzen duena gutxi gorabehera. Eta aurrera begira, proiektu berri bat martxan jartzeko lanetan dihardugu: euskara hutsezko emisioa (Hala Bedi Bi).

 Gure mugak onartuz eta egin beharreko lana handia dela jakinda, ilusioz begiratzen diegu garai berriei. Honaino ailegatu bagara zerbaitegatik delakoan gaude eta aurrerantzean ere; autogestioa, irudimena eta asanblearismoa oinarri izango duen proiektu hau handituz joango denaren zalantzarik ez daukagu. Gauza asko dira hobetu beharrekoak, bide asko oraindik ibili ez ditugunak. Komunikazioa interes ekonomiko eta politikoen helburuetara makurtzen den garaiotan, inoiz baino beharrezkoagotzat jotzen ditugu gurea bezalako proiektu herritarrak. Uhinei kolore apur bat emateaz gain, gizarte honen transformazioan ere bere biziko garrantzia duelakoan gaude eta horretan jarraituko dugu lanean datozen urteetan ere.

 Nola ulertzen dugu komunikazioa?

 Kontuan hartu behar dugu, Hala Bedi irratiak bere izaera propioa daukala eta beste komunikabideengandik bereizten duten ezaugarriak ere badituela. Helburu nagusia maila lokalean zein Euskal Herri mailan lanean ari diren elkarte eta mugimenduen berri ematea da. Beste medio batzuetan isilarazten direnen bozgorailu izatea eta aldi berean, gaurkotasunezko albisteen inguruko ikuspegi kritikoa eskaintzea, beste batzuek esaten dutena modu automatikoan errepikatu beharrean.Gizarte eraldaketan eragile aktibo izan nahi genuke, horregatik, ez dugu ezarritako ikuspegi kapitalista, patriarkal eta merkantilistarekin bat egiten eta gure eguneroko jardunean hori presente edukitzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Erraza ez dela jakinda ere, komunikazio eredu berri bat gauzatze bidean detaile txikienetik hasita saiatzen gara egunero igortzen dizkiguten mezu horiek denak deseraikitzen eta gure mezu propioa sortzen, bestelako komunikazio modu bat posible dela sinisten dugulako. Gertutasuna, ezagutza kolektiboak balioan jartzea, gure entzuleen parte hartzea sustatzea eta hausnarketa kritikorako gaitasuna dira bereizgarri horietako garrantzitsuenak. Bertsio ofizialari lehentasuna ematen zaion garaiotan, herritarren eta gizarte mugimenduen hitzari erreparatzen diogu guk. Egia bakarraren aurrean, ikuspegi anitza eta zalantzak planteatu nahi genituzke.

Nola ulertzen dugu parte hartzea?

Irrati honen biziraupena parte hartzearekin estuki loturik egon da betidanik. Gure ateak zabalik daude parte hartu nahi duen guztiarentzat, kolektiboaren filosofia eta izaerarekin bat egiten duen neurrian beti ere. Gure izaera anitza ezin da bestela ulertu, pentsaera eta jatorri ezberdineko pertsonek osatzen dute Hala Bedi eta horrek ematen dio hain aberasgarria den berezitasun hori ere. Abian jarritako proiektu guztiak, jendearen parte hartzeagatik egin dute aurrera eta ez soldatapeko langileen lanari esker. Jendearen parte hartzea sustatzea konstante bat da gure egitekoen artean eta horretarako baliabideak jartzea, motibazioa lantzea eta irudimena beharrezkoak dira.

 Nola antolatzen gara?

 Irratsaioak egiteaz gain, asko eta ezberdinak dira Hala Bedi proiektua mantentzeko eginbeharrekoak. Barne antolaketari begira batzorde ezberdinak ditugu:

  • Programazioa: Emititzen den horretaz arduratzen da. Programazioa zehazteaz, emisioaren jarraipena egiteaz, irratsaio berriei ongietorria eta formazioa emateaz…
  • Fonoteka: Irratira heltzen den musika kudeatzeaz, irratsaio musikalen arteko komunikazioaz, kontzertuak antolatzeaz eta abar, arduratzen da.
  • Ekonomia: Diru sarrera berriak bilatzeaz, bazkideak kudeatzeaz, materiala ateratzeaz eta kontu ekonomikoez arduratzen da, oro har.
  • Kuñak: Kolektiboen zein irratiaren beraren ekimenak iragartzeko kuñak egiteaz arduratzen da.
  • Teknika: Estudioen, antenen eta ekipo informatikoen mantenuaz arduratzen da.
  • Web orria: www.halabedi.org helbidea mantentzeaz eta irratsaioei albisteak igotzeko txapa emateaz arduratzen da.
  • Halabideoak: Ekimen ezberdinen inguruko bideoak egin eta web orrira igotzeaz arduratzen da.
  • Amabitxiak: Astelehenetako asanbladaren eta irratsaioen arteko komunikazioaz arduratzen da.

Batzorde ezberdinen lana koordinatzeko eta hartu beharreko erabakiak hartzeko gune nagusia Astelehenetako Asanblada da. Astelehenero 19.30etan elkartzen da eta irratian parte hartzen duen edonorentzat zabalik dago. Eguneroko eginbeharrekoen inguruan zein bestelako eztabaida orokorragoen inguruan hitz egin eta erabakiak hartzen dira bertan.

 Bi hilabetean behin, Asanblada Orokorra egiten da. Bertan, irratiko kide guztiek hartzen dute parte eta Hala Bediren norabidean eragingo duten erabakiak bertan hartzen dira.

 Zer da Arrosa?

Bukatzeko, Arrosa proiektuari buruzko azalpen txikitxo bat ematea ere garrantzitsua dela uste dugu. Arrosa Euskal Herriko irrati ezberdinen arteko sarea da. Hamar bat urte daramatza lanean eta orain arte egindako lanen artean, garrantzitsuena euskarazko irratsaioen elkartrukea izan da. Horrela, Hala Bediko euskarazko saio guztiak sarera igotzen ditugu astero beste irratiek hartu eta beraien programazioan sartu nahi izanez gero hala egin dezaten. Era berean, guk ere beste irrati batzuetan egindako saioak tartekatzen ditugu geure progaramazioa, 10 bat saio gutxi gorabehera.

 Horretaz gain, arratsaldetako Zebrabidea magazina ere Arrosa sarean elkartzen diren beste bi irratirekin batera (Antxeta eta Tas Tas), auzolanean, egiten da iaztik hasita. Etorkizunari begira, aukera berriak emango dituen tresna dela esan dezakegu.