Nor dugun guarda (VII): Enekoitz Etxezarreta

4349_EnekoitzEtxezarreta2Ahazten gara gure memoriaz errazegi, hasten gara kutxa zaharretan gordetako argazkiak sailkatzen, lotura bat behar dugu munduarekin, ulertuko gaituen jendea inguruan, kafe epelaren kea esku bat behintzat lanpetuta mantentzeko mundu edulkoratuaz jabetzen saiatzen garen bitartean. Gutaz iritzi ona gordeko dutenak lehenetsiko ditugu hilobiratzen gaituztenean, bizitza eredugarrien errutinaz errukitzen diren horiek denak eta beste pare bat despistatu, hortik dabiltzanak, ezer pasako ez balitz bezala, pasiera itsuan.

Zaila da gure txikitasunaren aurrean mundua azaltzea, zaila da lau hitzetan nor dugun guarda esplikatzea, gaurkoan, Enekoitz Etxezarreta celosamente gordean.

2013-03-03ko saioa. Entzun hemen

http://celosamentegordea.tumblr.com/

 

 

BIZITZA PUSKETA PUSKATUAK

GAUZAK ARGI

Mundura zordun sortu izan bagina bezala da. Jaio orduko, mende luzetan zehar lurra urraturiko oihu atabiko baten azken ahots dardartia balitz bezala gurea, itsasoa bezain zaharra. Etenduraren errelatorik onartzen ez duen narrazio zatia betetzea tokatu izan balitzaigu bezala, kokatu gintuan munduak hegia honetan, egin gintuen egia honen parte. Beste edonon izan zitekeen arren, hemengotu gintuzten kaleek, norbaiten esperoan igarotako neguek, gure gurasoen larridura aurpegiek, zer zioten ulertu ez arren begiak itxita kantatzen genituen doinuek. Gero institutu garaia iritsi zen eta gogoan dut zure ahotik entzun nuela lehen aldiz: neoliberalismoa. Bazirudien dena zela bat: hitz hori esan orduko kopeta zimurtzen zenuen, bekainak jaitsi eta elkarrenagana bildu, paparra airez bete. Guk, lehen aldiz entzunagatik ere hitz erraldoi hori, ezpainak goratu, besoak gurutzatu eta oso argi genuen gauza: gu aurka geunden.

BEGI KEZTATUETATIK

Gero ez dakigu izan zen gertakarien abailak behartuta ala ondo hausnartutako erabakimenaren ondorioz. Kontua da, jada zuri beltzeko filminetan bezala gogoratzen ditugun urte nahasi horietan, kea sartu zitzaigula begietara. Munduari begiratzeko modu bat eraikitzen joan ginen, jabekuntza moduko bat, aitortza identitario bat zebrabidea igarotzen genuen aldiro: haiek ziren besteak, gu ginen zebrabideaz alde honetara geundenak, eta bien artean edukiontzi bat zegoen sutan. Suak irensten zuen edukiontziari begira keztatu zitzaizkigun begiak, irten zitzaizkigun lehen malkoak, apur bat tontotu ere egin ginen agian su hari so. Orduan ez baikinen ikusteko gai izan su haren bueltan asko izango zirela erreko zirenak, pertsonak eta zubiak, orduan ez baikinen ikusteko gai izan gu ere erreko ginela su hartan. Gurea borroka baten kontakizunaren parte izatea zen, narrazio solemne baten segida izatea zegokigun, ez zegoen beste aukera posiblerik. Kez bete zitzaizkigun begiak eta ez genuen ikusterik izan, su hura ez zela guk piztutakoa izan, gu erretzeko piztutako baizik.

KALE GARBITZAILEAK

Udazkenari ertz bat hautsita heldu ziren, beti bezala gauez, izueragileak. Heldu ziren gauez beti bezala traje urdineko, berdeko, beltzeko, heldu ziren izueragileak. Jarri gintuzten denak atezuan, hasi ziren garbitzen kaleak, utzi zituzten hutsik, utzi gintuzten biluzik. Etxeko egongelan telebistari begira ama eta biok, burua izuen gordelekuetan barna, belarriak erne. “Nik ez dut ezer egin, ama”. Alperrik zen, atezuan geunden, mehatxua nondik datorkion oso ondo ez dakien ehizakiaren tankeran. Eta igogailu hotsa, gora eta behera. Igogailu hots madarikatua, gauaren isiltasuna urratzen, igogailua gora eta behera, amaren arnas etena, amaren bihotz larritua gora eta behera, bosgarrenean geratzen ez zela ziurtatu arte. Igogailu hots etengabea, gau osoan zehar, gora eta behera, zerbait gertatzera zihoanaren aurresentipena. Kale garbitzaileak kamioiak beteta batek daki nora, argi urdinak dardarka, gure bihotzak igogailuan sartuta, hots bakoitzeko hausten zitzaigun zuntzen bat gure baitako tolesturaren batean. Bagenekien arrakalatzera zihoala zerbait gau hartan, izueragileak iritsiak ziren, izuaren gordelekuetan haur ikaratuak ginen, hainbeste ze izueragileak gure bila igogailuan etorriko zirela sinetsita baikeunden.

BASAMORTUKO LEZIOAK

Orduz geroztik aldatu genituen norantzak, aldatu urratsak. Orain ezberdinak ziren gure mapak, gure aste bukaeratako ibilerak. Izen berriak ahoskatzera jolasten ginen kotxe barruan gauez, argi baxu harekin: Lopidana, Pancorbo, Lerma, Aranda de Duero, Soto del Real. Zeinek esango zigun, leku izendaezin horiek amaierarako etxeko joko genituenik! Igandez heldu ginen, ataria ijituz gainezka, denak igandeko jantzita, sonbreiru, traje beltz eta puntadun zapata lustratuak, kolore biziko soinekoak eta urre koloreko iduneko, eraztun, zintzilikario eta gezurretako hortzak. Gezurretako hortzak itzali ezineko irribarreetatik zintzilik. Txalo ta txalo artean herri bat kantuan, bisita aurreko ordu laurden urdurian, herri bat kantuan nortasun agiririk gabe. Lur bat okupatu ahal izateko, nonbaitekoak izateko baimenik gabe herri bat kantuan, nonahi dagoen eta nahinora doan herria, semea edo alaba edo osaba edo lehengusina edo aita edo inporta al dio, senide bat bahitua dioten basamortu puska horretan, herri bat kantuan. Lezioa basamortuan.

AGUR ESATEA

Eta itzuli zinen baina jada ez zinen lehengoa. Bazen zerbait zure begiartean espantua adierazten zuena. Bazen zerbait zure begiartean esan ezin zitekeenaz mintzo zena. Harrapatua zeunden jada hari atabikoan, sortu orduko zamatzen gaituen zorraren gurpilean. Gerora jakin dut egun horiek ez zirela besterik gabe igaro, ez zinela alperrik urruntzen joan pixkanaka gugandik, gure jendeetatik, gure kaleetatik. Gerora jakin dut espaloi ertzean zeundela, abiapuntuan, bidea zeharkatzear, galderak pilatzen diren espaloi ertzean. Autoak begien aurretik ilaran pasako zitzaizkizun lanetik etxera, ez zen semaforoko gizon adeitsua etorriko zuri eskutik heltzera, ez eta seinaleko kapeladuna ere bidea seinalatzera. Abiapuntuan zeunden espaloi ertzean, agurtzeko zorian, ez zen zugatik ordea painelu xuririk haizatuko, ez anpulurik barreiatuko karminetan. Behin pausoa ematera ausartuz gero, ez zitzaizun inor bisitan joango zure gordeleku berrira, ez denboratan behintzat. Gerora jakin dut, egun horiek agur esate bat izan zirela, agurrik esan gabe.

PARENTESI ARTEAN, HUTSUNEA

Parentesi erraldoi bat zabaldu genuen orduan. Etendura. Eta parentesiaren barnean hutsunea, hitzik gabeko azalpena, esaldia ulergarriagoa egingo zukeen ezer ez baitzegoen idazterik bertan. Zuk alde egin zenuen. Gu ginen bertan geratzen ginenak. Ez zegoen beste aukerarik. Gu ginen bertan geratu ginenak, eta bizitzaren errekak ginderamatzan, oharkabean ia, edozein bizitza estandarren ubideetan barrena: bikotea, lana, hiria, pisua, goizeko auto ilara, zakurra, erosketak, igande arratsaldeak. Horiek ziren ehuntzen gindoazen bizitza berriaren hariak, hari horietatik tiraka genbiltzan gu, zureetatik zein ariko ote zen… Zure oroitzapena losa bat zen guretzat, mingarria esango nuke. Ispilu desatsegina zinen, ispilu desatsegin bat non deformatuak agertzen baikinen gu, non ez genuen gure burua begiratzeko lain ausardia biltzen. Utzi gintuzun gure biluztasunean, gure soiltasunean herabe, lotsagorriturik, ispilu aurrean, ehuntzen gindoazen bizitza zati horren zentzuari buruzko galderak aidean. Parentesi erraldoi bat eta berkokatzea: gu ginen orain zorretan geundenak.

ZURE BERRIRIK GABE

Postariaren zain pasako genituen hurrengo urte luzeak, sekula iristen ez zen postariaren zain. Egunero etxeratu orduko begiratzen genuen postontzian, baina ez zen zugandik irits zitekeen hitzik heltzen inoiz. Postariari deitzekotan egon nintzen behin baino gehiagotan, galde egiteko bestaldera joandako lagunen gutunik zergatik ez zekarren. Deitu izan banu ere ez dakit askorik konponduko nukeen. Baina agian zulatuko nuen postari errukiorraren bihotzeko mintzen bat, eta hasiko zitzaidan bera gutunak idazten niri, bizitza ederki zihoakizula izkiriatuz, hondartza amaigabeetan biluzik paseoan pasatzen zenituela egunak idatziz postaletan, edo apenas botatzen gintuzula faltan iradokiz, hain eguraldi ederra egiten baitzuen beti lekualdatu zinen sekula belardiko paraje haietan. Ez zen ordea halakorik heldu gure postontzietara eta okerrenera jarri ginen. Egunkariak beldurrez zabaltzen genituen orduan goizero, postari errukiorrik ezean jakina baitzen zuri buruzko berriak bi baino izan ez zitezkeela.

ZUGANAKO BIDEAK

Errepideratu gara berriz, jada ezagunak zaizkigu kasik lerro eten hauek, kilometro mortu hauek, astebukaera hauek furgonetan. Norbaitek hartua du kalkulua burutzeko ardura: ilargiraino hamazazpi bider joan eta itzuliak izango ginatekeen egundo, zuenganako bideetan. Gustura abiatzen naiz hala ere, goizeko desorduetan esnatu eta zakutoa bizkarrean, zu ikusteko bidean jarriko nauen furgonetara. Gaurkoan Sebas dut ondoan, gizon isila, adinean gora joana, aurpegiko zimurretan ageri du hirurogeitamarrak ere urrun ez dituela. Lopidanan jaso dugu. Gidariei gauean zehar nork lagunduko dien txandak pentsatzen hasi orduko eseri da Sebas aurreko ilaran. Belauneko minez omen dabil, gau osoa egin du hala ere gidarien ondoan, esna. Pasa gara kristalaren atzetik, agurtu ditugu beti motzegia eta hotzegia egiten den esku keinu batekin, eta bueltan gara denok furgonetan. Itzulerako lehen une hauek dira beti gogorrenak. Beti ez baita ziur jakiten furgonetako leihoa kolpatzen duten ur tantak nondik erauziak izan diren, barruan edo kanpoan ari duen euri hau, atergabe ari ere. Sebas dut ostera ondoan. Hitzik esateke, isiltasunak duintzen duten horietakoa da. Agian ez da hitzik asmatu gaur arte honen barrena azal dezakeenik, hitz mortu batean bizi da. Neuk hautsi nahi izan dut ordea bere gotorra. Noren bisitan joan den. Txomin, berak. Senidea edo laguna ote duen, nik. Laguna duela. Eta elkarrizketa amaitutzat jotzera nindoan unean argipena: Sebasen anaiaren ziegakide omen Txomin hainbat urtean, anaiaren bisitetan agurtzen hasi elkar, hitzik gabe noski, keinu huts bat, beti motzegia beti hotzegia, kristalaren bestekaldetik, eta anaia kanporatu ostean jarraitzen omen du Txomin bisitatzen, azken hamaika urtean. Leihotik begira geratu naiz. Niri jarri zait orain korapiloa eztarrian. Egia da bai, bizitza pusketa hauek deskribatzeko hitzik ez dela asmatu egundo inongo hiztegietan. Bat batean txiki geratzen ari zait furgoneta, puzten doakit bihotza, zoriontsu naiz, negarrez hasi eta mendeak igaroko nituzke horrela, uholdeak eragin, basamortu hauek ureztatzeko lain samurtasun sentitzen dut barruan. Harrotasun esplikaezin bat jabetzen da nitaz. Hiru metro karratu hauetan kabitzen da nire benetako aberria, nire habia egiteko tokia eta jendeak. Alperrik geratuko gaituzte izueragileek etxerako bidean. Harrapatu ezin duten materialez gainezka daramakigu autoa.

ESKUAK GARBITZEN

Bisitatik bueltan etxera iritsi eta beti egiten dut gauza bera: eskuak garbitzen ditut komuneko arraskan, amorruz garbitu ere. Behin birritan, eskuak xaboieztatu, kanilari eman, ur uherra hoditerian behera joaten ikusi, eskuak xaboieztatu, kanilari eman, behin birritan operazio berbera. Modu obsesiboan kasik. Izan ere erropetan baitaukat, ilean itsatsita baitakart, eskuetako azkazaletan belztu baitzait, kartzelako usain jasanezin hau. Kristal zikinak eta harrizko hormak hotzak laztantzen aritzearren arrakalatzen doakit eskuetako azala. Etxera iritsi eta eskuak garbitzen ditut beti, amorruz egin ere, lagun kaiolatuaren akordua ezabatzeko bezainbat, ni hemen nagoela ziurtatu nahian bezala. Baina komuneko ispilu aurrean jarri eta idazlearena gertatzen zait sarri: ez nagoela han. Gero soziologoari leitzen diot “Zer dira ba espetxeak?” galdetzen. “Espetxeak ez dira arau urratzaileen askatasuna ezabatzea helburu duten espazioak, espetxetik haragoko espazioa askatasunarena dela sinestarazteko tresnak dira”. Eta guk eskuak garbitzen ditugu, etxean sartu orduko. Ez dut kartzelak eraikiko dituen aberri baten askatasunaren alde behatz bakar bat ere mugituko.

TA ORAIN BAZATOZ

Ta orain bazatoz. Ta orain bazatoz, hamar urteren ondoren, eta zuk ere badakizu iragandako urte hauek ez direla benetan inora joan, aldean daramazkizula, aldean daramazkigula, ongi etorriko egunean, joandako horiek guztiak ekarriko dituzula bizkarrean. Ta orain bazatoz eta nik badakit zatozen zua ez dela behinola aldegin zuen bera, ezta naizen nia orduan hemen geratu zena ere. Ta orain bazatoz eta ez nauzu utzi ninduzun toki berean topatuko, bitxia den arren, neu ere joan bainintzen zuk alde egin zenuen hartan, bitxia dirudien arren, zeu geratu baitzinen agian, joan orduko, agur egin zenigun toki berean. Eta urteak pilatzen joan dira geroztik, liburu gainetan hautsa bezala. Ez baitakigu itzultzen garenenean inoiz benetan joan garen ere. Ez baitakigu joaten garenenean, inoiz benetan hemen egon garen ere. Antsiaz desiratuaren beldur naiz gaur, eguna gerturatzen ikusi orduko. Ze zu bazatoz, baina nik ez dakit asmatuko ote dudan oraingo zure etxe berrira bisitan joaten.

Zurea utzi +

Komentariorik ez

Utzi ezazu komentario bat

* Beharrezkoa.
Zure Emaila ez da argitaratuko.