halabedi

Celosamente gordea: orojaleak
2012 Eka 25
celosamentegordea irratsaioa

Oro da jateko modukoa hemen. Ez dugu zeri erreparatu gure kontzientzien estutasunean. Jendeak beldurrez begiratzen dio jendeari. Ez da gose kontua, ez da egarri garelako ere. Oro jaten dugu. Haragi zati txikiak geratzen dira arratoientzat bazterretan. Hezurrak memoria osatzeko koartadak dira orojaleen bazkan.

Menadea dantzan. British museum

2012-06-24ko saioa. Entzun hemen

http://celosamentegordea.tumblr.com/

I)

Zerbait desagertzen ikusi nahi badugu, ez dago jatea bezalakorik.

Egia esan, zerbait guztiz desagertu dela ziurtatzeko era bakarra jatea da. Zulo batera botatzen baduzu, ametsetan azalduko zaizu oraindik, zuloan behera amiltzen. Itsasora jaurtitzen baduzu, irudikatuko duzu zurea ez den kostalde batera iristen, gatzezko perlak inguru guztian itsatsita.

Jaten baduzu, desagertu egingo da. Ez duzu inoiz gehiago ikusiko. Eta, horretan ez dugu parekorik, guk: edozer gauza jan dezakegu.

Orojaleak gara; jan dezakegun oro jateko gaitasuna dugu. Nork ez du jan oinaze bat, arratsalde bat; nork ez du jan bere inguruko baten esana.

II)

Oro jaten dugu, oro da jateko modukoa hemen. Irautea da gure lana, dagoena dagoen moduan mantentzeko ahaleginean jarraitzea etsi gabe. Hausturak desoreka dakarrelako eta  desorekak beldurra. Oro da bere horretan jateko modukoa, ezer ez da gordinegi sumatzen hortz artean, ahokada batez irentsi dezakegu mundua nahi izanez gero. Ingurukoaz elikatzen gara eta ingurukoen bazka bihurtzen gaitu horrek aldi berean. Lasai bizitzeko euste puntu bat baino ez dugu behar, gure miseriak entzungo dituen norbait, kalean guardasola zabaldu eta zer moduz joan zaigun eguna galdetuko digun baten bat. Oro jaten dugu. Ezer ez zaigu gordinegia irizten. Mastekatzeko denbora apur bat, ahokada bakoitzeko lau edo bost aldiz xehetu dena agin artean, tinpanoetan barrena zabalagoa den espazioan erabili bueltaka, behar den bezala digeritu dezan barrukoak kanpokoak eskaintzen diona. Zikloak ere bere tenpoak ditu mundualdiaren baitan, une batez oreka galtzea izan daiteke non gauden jakiteko modu bakarra, erorita ere itzuliko gaitu munduak bere onera.

Oro da jateko modukoa hemen. Ez dugu zeri erreparatu gure kontzientzien estutasunean. Jendeak beldurrez begiratzen dio jendeari. Ez da gose kontua, ez da egarri garelako ere. Oro jaten dugu. Haragi zati txikiak geratzen dira arratoientzat bazterretan. Hezurrak memoria osatzeko koartadak dira orojaleen bazkan.

III)

 

Iñigo Astiz. Bazkaria

 

Noizbehinka erlojura doaz zure begiak

bexamela eta kroketei izkin eginda, ez ordea

pentsatzeko zeinen den bitxia denbora,

nola duen dena aldatzen eta desegiten,

nola dituen estutzen etxeak unez une, eta

nola gaituen pixkanaka uzten gero eta bakarrago,

baizik eta bizitzak ematen duen Larritasun horrekin

klasetik noiz helduko naizen kalkulatzeko.

 

Eztabaida beharrik gabe hartu zaitu sukaldeak zentrotzat

eta errepikatzearen errepikatzez soilik

leuntzen diren keinu horietako batez bukatu duzu

zure bodegoi barrokoaren prestaketa,

mahaian atondutako plater eskergaren gainetik

ostera ere erlojuari begira jartzeko, patxadaz orain,

demiurgo zaharraren Lasaitasun harroz.

 

Ni heldu naiz orduan eta, orain gutxira arte

aitonarena zen aulkian eserita, zu zeu

zure kreazioak, zure semeak, zure denak

txiki-txiki egin eta banan-banan irentsi ditut

eguneroko bizitzaren (baina ba al da

egunerokoa ez den bizitzarik?)

gordintasun arduragabez, eta hala desagertu da

berriro ontzi garbigailuaren erosotasunera

eguerdiroko kosmos xehe hau;

hain sortzailearen sortzailearena den

zure irribarre gero eta nekatuagoaren pean.

 

IV)

 

Orojaleak. Xabier Gantzarain

Irautea da gure lana, eta jendea jaten dugu. Beti bada arrazoiren bat inor larrutzeko, haren ustezko keriak aletu eta ahal bezainbat gutxiesteko, alferra da, harroa da, bekaitzak jota dago, paranoikoa da, diruzalea da, zekena da, uzkurra da, makala da, gezurtia da, kokaina hartzen du, alkoholikoa da, mutilari adarrak jartzen dizkio; pertsona adina keria dago haien bila ibili nahi duenarentzako. Hala ere, bada gaur egun, zazpi bekatu kapitalen artean ez agertuagatik, oraingo jendeen begietara litekeen eta gaitzik larriena den beste keria bat: pobrea da.
Irautea da gure lana, eta jendea jaten dugu. Eta txerriei ematen dizkiegu hezurrak, arrastorik gera ez dadin. Eta gero txerriak jaten ditugu.
Irautea da gure lana, eta ez dugu iraungo. Iraun, betiko gauzek iraungo dute, zazpi bekatu kapitalek, esate baterako, eta jendeak jarraituko du harroa, alferra, zekena izaten, jendeak jarraituko du ergela izaten, ez konturatzen berandu izan arte zer den benetan balio duena, zerk egiten duen bat zoriontsu, nola bizi nahi duen mundualdia. Baina hori utopia da, gurpil berera atxikita jarraituko du munduak, eta bere bihotzari tiro eman zion zoroak esan zuen bezala, miseria ez da sekula amaituko.

V)

 

Julio Córtazarren “Las Ménades” ipuina katarsi kolektibo kontrolagaitz baten deskribapena da. Hainbesteraino eragiten dio jende multzo bati emozioak, jarrera eta ohitura konbentzionalak guztiz ahaztu eta animaliatu egiten direla. Gozamenaren instintua nagusitzen da kartasiaren parte hartzaileengan.

 

Orkestra entzutetsu baten kontzertua da egoeraren jokalekua. Izugarria da orkestraren zuzendariak (“El maestro”, Cortázarren esanetan) duen ospea. Orkestra bat osatzeaz gain, publiko bat ere osatu duela esan daiteke. Kontzertua aurrera doan heinean, gero eta entregatuago daude entzuleak. Amaierara iritsi aurretik, txilioren bat entzuten da, mugimenduren bat sumatzen da. Jendeak ezin du geldirik egon, emozioa sartu zaie entzuleei bihotzeraino, musikak gain hartu dio bakoitzaren arrazoiari. Kontzertua bukatu denean, inor ez dago bere aulkian: denak doaz abiada bizian palkoetara eta eszenatokira, arrapaladan. Denek nahi dute “el maestro” ukitu, berarekin egon. Eta litekeena da instinturik ilunenak ere azaleratzea une horretan.

 

VI)

 

Ez dago burmuina desizozteko minutu batzuez eguzkitan uztea bezalakorik. Errazagoa da horrela behar den moduan moztea zati guztiak gero. Sailkatutako mundu batean sailkatutako pertsonak gara. Aste osorako jatekoak prestatu ditzakegu igandetan, hozkailuak ditugu egunka ordenatzeko dena gero. Orojaleak gara, azkar irenstera ohitu gaituzte. Badakigu nondik goazen baina ez dakigu nora. Minutu batzuez lehortzen uzten ditugu gure burmuinak eguzkitan. Aste osorako jatekoak prestatzera ohitu gara, badugu hozkailu bana etxean orain behar ez ditugun gauzak, behar ditugunean desizoztu eta elkarren goseak elikatzeko.

VII)

 

Julio Cortazar. Las Ménades (zatia)

 

Ez zitzaidan ezer inporta jada, txilioak behingoz bukatuko ziren edo ez jakin nahi nuen bakarrik, palkoetatik txilio sarkorrak jaulkitzen baitziren etengabe, plateako publikoak behin eta berriz errepikatzen zituenak. Bitartean, entzule bakoitza ingurukoak irtenarazten saiatzen zen, palkoetara bazterren batetik sartzeko. Bistakoa zen kanpoko igarobideak leporaino zeudela, asalto handiena plateatik bertatik egiten ari baitziren, Jonatan-en andrea egiten saiatu zen bezala. Nik horri guztiari begira nengoen, eta ohartzen nintzen gertatzen ari zenaz, eta aldi berean ez neukan nahasmen harekin bat egiteko gogo txikienik ere, eta nire axolagabetasunak erruduntasun sentimendu arraro bat sortzen zidan, nire jarrera gau hartako eskandalurik guztizkoena izango balitz bezala. Platea bakarti batean eserita, denbora pasatzen utzi nuen, nire inertziaz kanpo harrabots desesperatu erraldoi hura poliki-poliki nola jaisten zen sumatzen nuen bitartean. Txilioak ahultzen joan ziren, eta azkenean isildu; publikoaren zati bat marmarrean eta nahastuta erretiratzen joan zen.

 

Jadanik atera nintekeela iruditu zitzaidanean, plateako erdigunea utzi eta antzokiaren atarira zihoan igarobidea zeharkatu nuen. Morroi batzuk mozkortuta bezala zihoazen oinez, eskuak edo ahoa zapiarekin lehortuz, trajea lisatuz, lepoa txukunduz. Atarian emakume batzuk ikusi nituen ispilu bila eta diruzorroak nahaspilatuz. Beraietako batek min hartu behar izan zuen, odol arrasto bat baitzeukan ahozapian. Epifaníako neskak korrika ateratzen ikusi nituen; amorratuta ziruditen palkoetara iritsi ez zirelako, eta errua nirea balitz bezala begiratu zidaten.

 

Jadanik kanpoan egongo zirela iruditu zitzaidanean, kanpoko eskailerarantz abiatu nintzen, eta une horretan azaldu ziren atarian gorriz jantzitako emakumea eta bere jarraitzaileak. Gizonak bere atzetik zihoazen, lehenago bezala, eta elkar tapatzen zutela zirudien, erropetan zeukaten triskantza ikus ez zedin. Baina gorriz jantzitako emakumea denen buru zetorren, hantuste, eta nire ondotik igaro zenean mingaina ezpainetatik pasatzen zuela ikusi nuen, poliki eta gozamenez pasatzen zuela irribarrez zabalik zeuzkan ezpainetatik.

 

VIII)

 

Bihotzerrearekin esnatzen naiz aldiro. Gauez inguruan daukadana irensteari uzten ez diodan seinale. Jendeak lasai egoteko esaten dit, normala dela, dieta orekatu batekin egiteko aproba, gauez gehiegi afaltzea ez dela komeni. Baina jendeak esaten didanak ezer gutxi balio dit orain, jendeak kontzientzia estuegia du aleka zatitutako burmuinetan. Jendeak jarraituko du ergela izaten, hozkailuak erosten gaur behar ez duena biharko gordetzeko, jendeak jarraituko du ez konturatzen berandu izan arte zer den benetan balio duena, zerk egiten duen bat zoriontsu, nola bizi nahi duen mundualdia. Bihotzerrearekin esnatzen banaiz, konturatu ez arren, bihotzerrearekin oheratu naizelako da.

IX)

 

Gorroto ditut jatea arrazoiaren barruan kokatzen dutenak

Senari dagokion zerbait delako guztiz, dudarik gabe

 

Ez dut gustuko jatea bere kalkuluen barruan sartzen duen inor

Jateak amorrua dakar, edo amorrutik etor daiteke

Jatea lotu daiteke grinarekin eta desioarekin

Ez dakar alferrik asebetetzeak geldotasuna eta loa

 

Norbait jateko gogoa izatea

Arrazoiz dago arrazoi guztietatik kanpo

Zer ginateke bestela

 

X)

 

Erreskatean. Anjel Lertxundi

Inoiz zabaldu ez dudan atea. Iritsi ez zaidan gutuna. Jaso ez dudan musua. Baztertu nuen bidea. Bete gabeko hitz eta ametsak. Irakurri ez dudan hainbat eta hainbat liburu. Gozatu ez nuen uda sargori hartan maitemindu ninduenari esan ez nizkion hitzak. Hartu ez nuen trena, joaten utzi nion autobusa, urrutiratzen ikusi nuen ontzia, zeruan galdu zen hegazkina. Oharkabean ukatutako laguntza, eman ez nuen ukendua, eskaini gabeko denbora eta pazientzia; ohar betean ukatutako laguntza, eman ez nuen ukendua, eskaini gabeko denbora eta pazientzia. Ahanzturaren, nagikeriaren eta axola faltaren zangetan usteltzen utzitako oroitzapenak, asmoak, erabakiak, idealak. Nireei eskaini ez nizkien orduak, nireei lapurtzen dizkiedanak. Usaindu ez nuen lorea, hartu ez ditudan olatuak, entzun ez nuen kardantxiloa. Damurik merezi ez duten gauzen damua, damua behar luketen gauzen damu falta.

Inoiz zabalduko zaidan ate hori.

 

XI)

 

Mundua zaharra da, hitzak errepikatzen dituzten biztanleek okupatzen dute, orojaleak dira haien kontzientziak errealitatearen aurrean, ezin beste mundualdi bat bizi, ezin jateari utzi, elkarren bazka izatera makurtu, elkarren ehizan iraun, okupatuta mantendu burmuinak, hozkailuan sailkatu jatekoak aste osorako. Lurra eman egarri denari, begiak itxi eskua luzatu dizunari, salbatuko zaituen mundualdiari itxaron, zerbait eman zerbait hartu ahal izateko.

Mundua zaharra da, hitzak errepikatuz dibertitzen diren biztanleek okupatzen dute. Berandu baino lehen konturatu beharko genuke zerk egiten gaituen benetan zoriontsu, zertan merezi duen gehiago denborak bihotzerrez esnatzen den mundualdiak baino.

Iritzirik ez dago »

Oraindik ez dago iruzkinik.

Utzi iruzkina